“Bertan ekoiztu, bertan prestatu eta bertan jan!” lelopean, azaroaren 7an, argazki erraldoia atera zen Berango-Merana eskolako patioan, sukaldea eraikitzearen alde. “BERANGO-MERANA ESKOLAK BERE SUKALDEA NAHI DU!” aldarria ozen entzun zen Berangon.
Beti horrela izan dela dirudien arren, Berango-Merana eskolak ez du sukalde propiorik 2000. urteaz geroztik, gutxi gorabehera. Urte horretatik aurrera, Berango- Merana eskolako sukaldea catering-zerbitzuengatik ordezkatu zuten. Prozesu hori orokortu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko eskola askotan, familiek gero eta gehiago eskatzen baitzuten zerbitzu hori, baliabideak optimizatzeko, kostuak murrizteko eta zerbitzua homogeneizatzeko asmoarekin.
Berango-Merana eskola, gaur egun, garraiatutako "linea beroko" menuen paketearen parte da; horrek esan nahi du elikagaiak aurreko gauean prestatzen direla dagokion catering enpresako sukalde zentraletan, eta beroan garraiatzen direla, hurrengo goizean zerbitzatzeko prest.
Berango-Merana eskolako komunitateak urte asko daramatza "in situ" sukaldea berreskuratzeko lanean. Hezkuntza Sailak behin baino gehiagotan onartutako proiektua, baina hainbat arrazoiengatik beti atzeratua izan dena. Azkena, 2021ean, kasu honetan, sukaldearen proiektua IPI aurreproiektuak baldintzatu zuen.
2021ean, instalazioen eta mantentze- lanen arduradunak sukalde berria “in situ” 150.000€-ko aurrekontuarekin onartuta zegoela jakinarazi zigun. Eta, 2023ko udan, “in situ” sukaldea eraikitzea aurreikusten zen arren, Hezkuntza Sailak ez zuen bere hitza bete.
IPI proiektu berriak sukaldea in situ eraikitzeko konpromisoa aurreikusten duela dioen albistea poz handiz jasotzen dugu, nahiz eta, konpromiso hori proiektuaren lizitazioan berariaz jasota ez agertzeak kezkatzen gaituen. Esperientziaz dakigu hitzak haizeak eramaten dituela, eta kasu batzuetan, konpromiso idatziak ere bai. Horrexegatik, Berango Meranako eskolatik argi eta garbi esan nahi dugu sukalde propioa nahi dugula, eskola-jantoki osasuntsuago, hezitzaileago, hurbilago eta erantzukideago baten alde lan egiteko lehen urrats gisa.
Zentzu horretan, Ikastetxerik ez, Sukalderik gabe! kanpaina publikoarekin bat egiten dugu, IPI berriak sukalde propioa izango duela ziurtatu nahi dugulako eta, bitartean, aukera berri hau amesten dugun eskola-jantoki eredu berri horren alde lanean jarraitzeko aprobetxatu nahi dugulako . Ondorioz, kanpaina honek lehen urratsa izan nahi du:
- Sukalde propioa izatea, gure eskolan menuak elikagai osasuntsu, jasangarri eta hurbiltasunekoekin egin ahal izateko, tokiko merkataritzari mesede eginez.
- Jantokiko langileen lan-baldintzak hobetzen eta mantentzen laguntzea, haien integrazioa sustatuz eta eskola-komunitatearen barruan egiten duten lana balioetsiz.
- Elikadura-unea eta jantokia eskolako proiektu pedagogikoan txertatzea, jantokia eta bertan sortzen diren esperientziak irakasteko eta ikasteko ingurune gisa har daitezen, jantokiari bazkaltzeko behar diren denbora, espazioak eta baliabideak emanez.
Berango Meranako IGEtik, kalitatezko menu osasungarri eta jasangarria izatea, Eusko Jaurlaritzak familia guztiei bermatu beharreko eskubidea dela deritzogu. Hau bermatzeko abiapuntua, sukalde propioa izatea da, eta hori aldarrikatu dugu aspalditik gure eskolan, jangela eredu berri baten bidean.
Hortaz, eskolan egindako aldarrikapen historiko batean formaltasun falta salatzeko eta etengabeko luzapenei eta Eusko Jaurlaritzak in situ sukaldea eraikiko duenaren inolako ebidentziarik ez dugun egungo egoerari gure egonezina adierazteko, azaroaren 7an, arratsaldeko 16:15ean, sukaldearen aldeko argazki erraldoi jendetsua atera genuen. Ekimenak harrera ona izan zuen eta babes horrek, jantoki eredu berri baten alde lanean jarraitzeko indarra ematen digu.