Geroz eta gehiago erabiltzen dira pantailak; bai haurrek, bai nerabeek eta baita helduek ere. Adituen ustez, haurrei ez die onik egiten oso txikitatik pantailak erabiltzeak. Nerabe eta gazteen artean ere ukaezina da hainbat gatazka eta arazo sortzen dituen gaia dela.
Lehenengo mugikorra 16 urtetik aurrera izatea gomendatzen dute adituek, baina errealitateak dio, gaur egun, haur zein nerabeek askoz ere lehenago eskuratzen dutela bat.
Lehen mugikorra atzeratzeko, talde lana ezinbestekoa da. Ez da adina atzeratze soila, hori bezain garrantzitsua da kontzientziazioa lantzea familien zein ikasleen artean.
Familiak askotan arduratuta gaudela dirudi, baina ez dugu jakiten norantz jo edo zer neurri hartu gailu hauen erabileraren aurrean.
Altxa Burua! hausnarketarako taldea da. Euskal Herria eta estatu mailatik hasi den mugimendua jarraitzen duen eskolako familia talde bat gara. Zuok bezalaxe gai honen inguruan hainbat kezka, zalantza eta ardura ditugu. Gure zalantza eta kezken inguruan erantzunak bilatu nahian duela hilabete batzuk elkarlanean hasi ginen.
Gaiaren inguruan lan egiteko hainbat ekimen burutzea gustatuko litzaiguke baina, lehenengo, egoera zein den aztertzea garrantzitsua iruditu zaigu. Horretarako, eskolarekin batera lanean aritu gara eta eskolako haur hezkuntza zein lehen hezkuntzako familiei galdetegi bat helarazi diegu (2024ko martxoa). Familien parte hartzea %23koa izan da; beraz, lagin adierazgarria da. Hauek dira galdetegitik atera ditugun ondorioetako batzuk: lehen hezkuntzako 5 ikasletik 1ek mugikorra du, familia gehienek akordio kolektibo bat adostu nahi dute, familien arabera mugikorra izateko adin egokiena 14 urte dira, familiek aholkularitza-zerbitzu baten beharra ikusten dute, etab. Galdetegian lortutako ondorio guztiak 2024ko apirilean Udalari bidalitako proposamen batean bildu dira, ekimen honek eskola-eremua gainditzeko asmoz eta Berangoko udalerri osoan eragina izan dezan. Azkenik, taldearen indarra oso garrantzitsua da. Hau da, haurrak ez du sakelakoaren beharrik sumatzen, ondokoak ez baldin badauka.
Herriko saltokien inplikazioa bultzatuz, lankidetza sarea ehuntzea du helburu Altxa Burua!. Berangoztarrak sentsibilizatu nahi ditugu eta gaiarekiko ardura hori inguruko herri zein herrialdeetara zabaldu, lankidetza sarea eraiki eta haur zein nerabeek mugikorraz egiten duten erabileraren inguruko hausnarketa pizteko.
Tolosako ekimen aitzindaria erreferente hartuz, “Gurea erabili dezakezu” lelopean, sakeleko telefonoa erabili edota soinean eramateko nerabeen premia hori baretu eta mugikorra izateko adina atzeratu ahal izateko ekimena martxan jarri nahi dugu, Berango-Merana eskolarekin, Berangoko Udalarekin eta herriko saltokiekin lankidetzan. Helburu nagusia da haur eta nerabeek pantailetatik burua altxatzea eta lehen gailua eskuratzeko adin hori atzeratzea.
Hori dela eta, datozen urratsen artean tabernak, dendak, jatetxeak, liburutegia, kirolgunea, antzokia eta bestelako zerbitzuen inplikazioa lortu nahi dugu, ekimenari zein gaur egungo kezka nagusi honi oihartzuna eman eta indarrak batuta, teknologia berritzaile hauen erabilera arduratsua sustatzeko.
Hau lortze aldera, hainbat ekimen burutuko ditugu: gai honen inguruko kezkak biltzeko kafe tertuliak, mahai inguruak, adituekin hitzaldiak, bideoak, konpromiso bilketak, etab.
Lehenengo mugikorra noiz, nola eta zein baldintzapean?
Galdera honek erantzun zuzenik ez badu ere, gure etxeetako ingurune digitala ahalik eta errespetuzkoena, hezitzaileena eta pedagogikoena izan dadin Izarkomek argitaratutako gida hau aurkeztea beharrezko jo dugu. Gida honetan gailu bat eskuratzeko beharrak identifikatzen dira, erabilerari buruzko kontzientzia hartu, horren gainean hausnartu eta azkenik, erabilerari buruzko akordio bat egiteko baliabideak ematen ditu.

NERABEEK MUGIKORRA IZATE BIDEAN LAGUNTZEKO HELDUENTZAKO GIDA
“Eta behin ematen diogunean, zer?” izenburupean, gure seme-alaben eskuetara pantailak iristen direnean (izan mugikorra, tableta zein chromebooka) zaindu beharrekoak iruditzen zaizkigun 10 puntuko pantailen erabilera arduratsuari buruzko dekalogo bat aurkezten dizuegu. Izan ere, seme-alaben pantailaren erabilera desegokiak sortzen digun kezka orokorra da eta familia barruan, gai honen kudeaketa, orohar, zaila izan ohi da.
DEKALOGOA
Berango-Merana herri eskola publikoak sustatutako ekimena da. Ekimen honetan parte hartu nahi baduzu, idatz iezaguzu posta elektroniko bat altxaburuaberango@gmail.com helbidera.
Ekin diezaiogun elkarrekin eta urratsez urrats egin dezagun bidea!